XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

43. JOKATU ETA JOLASTU

Jokoa ez da errenta esan ohi zuten zaharrek, apostutik batzutan irabazi onik atera daitekeen arren, hortik bizimodu on iraunkorrik lortzea ez dela inondik ere segurua adierazi nahian.

Jokatu, hain zuzen ere, horixe da, apostu egitea, posturan aritzea, edo jatorragoek esango luketenez, trabesean ibiltzea, norbera ihardunaldi edo deman partaidea izanik.

Berez, jokoa nagusien zeregina da, tartean dirua, probetxua, etekina edo irabaziren bat dagoelarik.

Bigarren adieran, jokatu, zerbaiten edo norbaiten alde agertzea ere ba da, politikan, lagunarteko harremanetan, etab., aukera bati eutsiz.

Jolastu, edo jolas egin, aldiz, denbora ongi pasatzeko ariketaren batez ihardutea da, diru-irabazirik gabe.

Oinarriz haurren egitekoa izaten da, baina helduena ere izan daiteke, astia atseginez emateko gogoaz baldin badaude behintzat.

Kirolak, hortaz, bai joko eta bai jolastzat har litezke, duten helburua nolakoa den kontutan izanik.

44. LUR ETA LEHOR Lurra gure planetaren izenaz gainera, beraren gainean dagoen gai gogorra ere deitzen da euskaraz, zeruarekiko oposizioaz batik-bat: hegazkinak zerutik erori dira , artileriak jota.

Leku askotan behea esateko ere erabiltzen da lurra; textuinguru batzutan, ordea, zoru, eta behe egokiagoak direnik ez da ahantzi behar.

Lurra besterik, laboratzeko gai hauskor eta maiz hareatsuari ere esaten zaio, bertan haziak erein eta landareak landatzeko egokia.

Ez deritzogu lur euskaraz, ordea, eremu zabalei, herri baizik.

Hortaz, Euskal Herria tierra vasca gisa itzultzean txarto asmatu ez bazen ere, originalaz ahantzirik hortik eusko lurra berrasmatu zutenek zinezko astakeria atera zutela esan beharra dago, egunero Gure Lurraren Deia errepikatzean egiten dutenaren antzekoa.

Herrialde esateko, ordea, lurralde hitza daukagu, berria, nolanahi ere den.

Ontziak egiteko oinarrizko gaiari ere lurra izena ematen diogu, moeta batzuk buztina, troska edo kaolin deitura daramatelarik.

Gogoratu beharra dago euskaraz lurra erre egiten dela keramikazkoak moldatzeko: (...).